Loader
5
home,page-template,page-template-full_width,page-template-full_width-php,page,page-id-5,bridge-core-2.9.9,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.5,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-title-hidden,qode_grid_1300,footer_responsive_adv,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.3,qode-theme-bridge,hide_inital_sticky,disabled_footer_bottom,wpb-js-composer js-comp-ver-6.7.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-10

Istorioa

2020-21 ikasturtea ezberdina eta zaila da ikasle guztientzat. Naroarentzat, hala ere, are ezberdinagoa eta zailagoa. Bere gurasoak banatu berritan, hiriburutik herri txiki batera bizitzera etorri da, amak herriko udaltzain postua lortu ostean. Hori gutxi ez eta amaren bikote berriaren etxean bizi beharko dute. Herrian dagoen ia enpresa bakarrean egiten du lan honek, Natur Parkearen ondo-ondoan kokaturiko farmazeutika berritzaile batean.

Kapitaleko_neska_berria etiketa gainean duela hasiko du DBH1 denek elkar ezagutzen duten herri txikiko ikastetxe txikian. Tutoreak taldeka banatuko ditu gelan eta Naroa bere begietarako freakie hutsak diren bi mutil eta neska batekin egokituko da. Lagun berriak egiteko saiakerarik egin gabe, lehengo bere lagunei maiz deitu eta idatziko die Naroak, nahiz eta horrek are desgraziatuagoa sentiarazten duen. Bere bizitza desastre hutsa da.

Laster, baina, benetako hondamendia eragingo duen zerbait gertatuko da. Gelarako bideo bat grabatzera utzitako fabrika batera joatea erabakiko dute taldekideek. Grabaketa uste baino lehenago etengo dute, itzaletan dabilen zerbaiten zaratak izututa. Etxean, grabaketa editatzean, zarataren azpitik ahots bat grabatu dutela ohartzen dira: “Lagundu” esaten duen mutil baten ahotsa.

Taldekoak hurrengo egunean fabrikara itzultzea erabakiko dute mutil ezezagunaren bila, eta ustekabez beteriko gertakari-sorta bat abian jarriko dute ezustean, ez direlako mutil haren bila dabiltzan bakarrak eta, batez ere, animalia itxura hartzeko ahalmena duelako mutilak.

Entzun

Serie baten gidoilari izatera ausartzen zara?

EDEN podcasta sortzen ari gara uneotan, eta zure laguntza eskertuko genuke.  Lehen kapitulu pilotuaren gidoia hementxe duzu: Deskargatu eta esaiguzu zer aldatuko zenukeen, edota nola jarraituko zenukeen istorioa. Bidali iezaguzu zure gidoi proposamena. Mezu guztiak arretaz irakurri eta erantzungo ditugu.

Pertsonaiak

Istorioa 2020-21 ikasturtearen hasieran kokatzen da, pandemiak bete-betean baldintzatutako ikasturte berezi eta arraroa guztientzat. Aurreko ikastaroa etxean bukatu ostean, lagunekin elkartzeko gogoz hasi dira ikasleak, baina muga askorekin topatu dira ikasgeletan, ia-ia zientzia fikziozko filma batean baleude bezala.

Naroa

Naroa

Protagonista. Herrira iritsi berria den neska. Haserre dago bere amarekin, ordura arteko bere mundua birrintzearen errudun egiten baitu: emakumeak atsegin dituela aitortu, aitarekin moztu eta bere bikote berriaren etxera mugitu dira, herri ziztrin batera.

Oier

Oier

AC/DC eta 80ko hamarkadako rock musika gustatzen zaizkio, komikiak, Star Wars (filma orijinalak soilik) eta jiu-jitsu ikasten du online. Mutilen artean “arraro” fama dauka futbola ez zaiolako gehiegi interesatzen, baina karisma berezia du eta jendeak errespetua dio.

Iraia

Iraia

Dislesika da, ikasketetan txarra eta arazoak ditu etxean. Naroaren laguna izan nahi du, izan ere ez du kuadrilarik herrian eta bere kasa ibiltzen da gehienetan. Oso bizkorra da, besteei oharkabean pasatzen zaizkien gauza askotaz ohartzen da.

 

Elvin

Elvin

Nicaraguatik etorriak dira bere gurasoak, baina bera bertan jaiotakoa da. Iraia gustatzen zaio, baina oso lotsatia da berari aitortzeko. Oso irakurzalea da baita ere, denetik irakurtzen du. Naturaz asko daki.

 

Amaia

Amaia

Naroaren ama, herriko udaltzain gisa hasi berria. Ezkonduta urte asko eman eta alaba bat izan ondoren, armairutik atera eta emakumeak atsegin dituela aitortzera ausartu da. Bikote berriaren etxera mugitu eta zerotik berrekin dio bere bizitzari.

J. Inko

J. Inko

Jinko Corp. Ltd. Farmazeutika enpresako burua, inork ikusi ez duena. Istorioaren narratzaile ahotsa da baita ere. Hitz joko bat egiten dugu bere izenarekin, “jainko” eta “ginkgo” hitzak uztartuz (ginkgo zuhaitza da enpresaren ikurra eta funtsa).

 

Kontaktua

Gurekin harremanetan ipini nahi duzu? Zalantzaren bat duzu EDEN podcastari buruz? Edozein ohar / kexa / proposamen / laudorio egin nahi badiguzu, idatzi lasai eta ahalik lasterren erantzungo dizugu.

    Irakasle eta hezitzaile adiskidea

    Podcastak zure ikasleekin hainbat gai lantzeko modu dibertigarria dira! Hizkuntzarekin eta istorioekin jolasteko beste modu bat da, gelan jada erabiltzen dituzuen beste formatu batzuen osagarri egokia izan litekeena.

    
PODCASTAK ERABILTZEKO AHOLKUAK

    • Ikasleei asko gustatzen zaie elkarri entzutea ozen irakurtzeko garaian. Podcast bat, hain zuzen ere, hori da: ozen egindako irakurketa dibertigarri bat!
    • Ikasleak talde txikietan badaude, podcasta partekatzea interesgarria izan liteke, Google Classroom-en argitaratuz adibidez.
    • Ikasleak zeregin bat amaitu ondoren landu dezaketen ariketa gisa ere eskaini dezakezu podcasta.